miércoles, 5 de enero de 2011

ASMA


Arnas zailtasun edo eragozpen larriak dituen gaixotasuna (arnasestua deitzen dena) da, sintomarik gabeko aldiak txandaka dituelarik. Atakeak bapatean agertzen dira eta berez, inolako tratamendurik gabe edota tratamenduarekin lasaitzen (eta desagertzen) dira.


Ia kasuen erdietan, lehenbiziko sintomak 10 urte bete aurretik agertzen dira. Haurtzaroan asma usuagoa da mutikoetan, baina oro har intzidentzia zertxobait altuagoa da emakumezkoen artean.

Ez dira ezagutzen zehazki asma-atakeak eragiten dituzten arrazoi guztiak, baina itxuraz aurrez joera duten pertsonengan agertuko lirateke atake horiek eta, kasurik gehienetan, erreakzio alergikoen ondorioz. Atake hauetan arnasbideak estutu eta itxi egiten dira, arrazoi ezberdinak direla medio airebide horiek irritatu egiten direlako.

Krisi asmatikoa gauez agertu ohi da, bapatean hasten da, arnasketa azkarra eta itobehar-sentsazioarekin. Pazientea urduri dago, izerditan, aurpegia kongestionatu egiten zaio eta arnasa hartzeko ahaleginean hatsanka hasten da, oso txistu-hots tipikoak sortuz (txistukariak). Askotan eztul lehorra ere agertzen da.

Atake akutua agertzen denean, gaixoa lasaitu beharra dago eta ahalik eta lasterren urgentziako medikuari abisatu. Honek berehala jarriko du tratamendua, bronkioak berehalako batean zabalduko dituzten bronkio-dilatadoreak erabiliz.

Krisi gehiago ager ez dadin (prebentzio gisa), komeni izaten da asmaren arrazoia diagnostikatzea, eta horren arabera medikaziorik egokiena zein den erabakitzea. Asma alergikoa baldin bada, substantzia erantzulea zein den bilatu behar da, ahal den neurrian hura ebitatzeko, eta bere eraginak murrizteko ere bai (botiken bidez edo desentsibilizazio-tratamendu baten bitartez). Arnas ariketak ere oso baliagarriak izan ohi dira.

Arnas ariketak, asma bronkiala duten pertsonentzat


Egunero, jaikitakoan eta oheratzerakoan, hamar minutuz:
-Airea sudurretik hartu, sabela zabaltzen den bitartean (tripara airea sartuko balitz bezala)
-Airea ahotik bota, sabela ahalik eta gehien uzkurtuz.
Ariketa hori lehenbizi etzanda, gero eserita eta azkenik zutik egin behar da, beti ere ongi aireztatutako gelan (leihoa irekiz).

Logelako hautsa sor ez dadin hartu beharreko neurriak:


-Hautsa har dezaketen mueble eta jostailu gehiegizkoak fuera.
-Hautsa kentzeko oihal heze bat erabili, astean bitan gutxienez, haurra ez dagoenean.
-Umea aurrean dagoela ez egin oherik.
-Egun osoan gela ongi aireztatuta eduki.
-Lumazko koltxoirik eta burukorik ez erabili. Hoberena gomazko koltxoiak eta maindire sintetikoak (nylonezkoak, adibidez) erabiltzea da.

No hay comentarios:

Publicar un comentario