jueves, 20 de enero de 2011

RAST FROGA


Erradioalergoabsorbentziaren froga (RAST) odolean egiten den laborategiko froga da. Honi esker, odolean dagoen IgE antigorputz kopurua ezagutzen da. Antigorputz hauen agerpenak erreakzio alergiko baten aurrean gaudela egiaztatuko du.

miércoles, 19 de enero de 2011

ESKARIFIKAZIO FROGA

Froga honetan, susmoa dugun alergenoaren kantitate txiki bat jartzen da azalean (normalean besoaren aurreko aldean, besoaren goikaldean edo bizkarrean).
Azala ziztatu egiten da eta modu honetan alergenoa honen gainazalaren azpira heltzen da. Azala behatzen da ikusteko hantura, gorritasuna... eman den ala ez. Froga honekin, hainbat alergeno azter daitezke aldi berean eta emaitzak 20 minututan lortzen dira.

domingo, 16 de enero de 2011

FROGA INTRADERMIKOA


Alergiaren froga intradermikoa, pertsona bat alergeno espezifiko batekiko alergikoa denentz jakiteko egiten den froga kutaneoa da.

Froga honetan, susmoa dugun alergeno kantitate txiki bat sartzen da azalaren gainazalaren azpian.
20 minutu igaro ostean, alergenoa sartu den tokia behatzen da ikusteko erreakziorik eman den ala ez.
Erreakzioa urtikaria txiki bat izaten da, hantura eta gorritasunarekin agertzen dena. Froga hau, eskarifikazio froga baino sentsibleagoa da.

jueves, 13 de enero de 2011

ALERGIA MEDIKAMENTUEI

Arrazoiak, inzidentziak eta arrisku faktoreak:

Orokorrean, ia edozein medikamentuk sor dezake erreakzio alergiko bat. Erreakzio hauek irritazio edo bigarren mailako ondorio arinak (okadak) izan daitezke, baina baita anafilaxia bera ere.

Medikamentuei alergia izateko, medikamentu hori hartzearen ondorioz gertatutako erreakzio alergiko bat eman behar da. Pazienteak medikamentu hori lehenengo aldiz hartzen duenean, inmunitate sistemak okerreko erantzun bat bialtzen du, normalean kaltegabekoa litzatekeen sustantzia baten aurka. Medikamentu hori hartzen duen bigarren aldian, ordea, erantzun inmunitarioa ematen da, eta organismoak antigorputzak eta histamina jariatuko ditu.

Gehienetan alergia diogun medikamentu bat hartzean ematen den erreakzio alergikoa urtikaria izango da. Baina, batzuetan beste era bateko sintomak ager daitezke eta sortzen diren erreakzioak larriak izan daitezke (aipatutako anafilaxia).

Esan bezala, ia medikamentu guztiek sor dezakete erreakzio alergikoa, baina zeintzuk dira ugarienak?

Penizilina eta horrekin erlazionatuta dauden antibiotikoak dira alergia sorrarazten duten medikamenturik ohikoenak. Horrez gain, honako hauek ere zerikusi handia dute:

•Sulfamidak
•Antikonbulsiboak

•Anestesiko lokalak (adibidez, nobokaina)
•Yodo

Medikamentuek sortutako erreakzio alergiko batzuk idiosinkrasikoak dira, hots, erreakzioa medikamentuaren ezohiko efektu bat da. Adibidez, aspirinak urtikaria ez alergikoa sor dezake edo asman eragina izan. Era honetako erreakzio gutxi batzuk soilik dira naturalki alergikoak. Hala, pertsona askok pentsa dezakete medikamtentu batek sortutako efektu ez larria (adibidez, okadak sentitzean), medikamentu batetiko benetako alergia izatearekin.

lunes, 10 de enero de 2011

URTIKARIA

Zer da?

Urtikaria larruazaleko erreakzio alergikoa da, zenbait eragilek (elikagaiak, medikamentuak, eltxoen ziztadak, infekzioak, eguzkia.) sortu ahal dutena. Hala ere, ez da arrazoi zehatz eta bakarrik aurkitzen.

Nola igarri?

Urtikariarekin hauek agertzen dira:


-Baba moduko hanturak (tamaina eta era ezberdinetakoak).
-Hazkura.


-Larruazaleko tenperatura igotzen da.

Ohizkoa izaten da sintomak handitzea beroarekin, igurzketarekin (ohean gauez) eta ariketarekin edo haserrealdiekin. Desager daiteke eta berriro agertu.



Zer egin?

Urtikaria, normalean, denborarekin (2-10 egun) berez sendatzen da. Sintomak (hazkura) murriztu ahal dira, medikazioa emanda (antihistaminikoak), baina garrantzitsua da neurri fisikoak azpimarratzea: giro freskoa, ariketa fisikorik ez egitea, ur hotzetan bustitako zapiak erabiltzea.

Aurkitu badira, gomendagarria da urtikariaren balizko eragileak baztertzea: medikamentuak, jaki berriak.

Beste azterketa bat egin beharko diote hurbilen dagoen osasun-zentroan, ondoko hauek gertatzen badira:

-Baba handi horiek asko zabaltzen badira eta ia larruazal osoa estaltzen badute; edo, neurri fisikoak hartuta edo tratamendu medikoa jarraituta ere, umearen egoera orokorra txarra bada.
-Ezpainak eta begiak handitzen bazaizkio.

-Zaila bazaio arnasa hartzea.

viernes, 7 de enero de 2011

ELKARRIZKETA MEDIKU BATI

Asmari buruzko elkarrizketa bat mediku batekin:

Medikuari galdezka

Ezagutzen ditudan pertsona asmatiko guztiak etsita bezala daude gaixotasunarekin eta molestiak arintzea beste helbururik ez dute. Posible al da asma sendatzea?

Gaur egun posible da asma-forma asko eta asko sendatzea, eta erreakzio alergikoari zor zaizkionak bereziki. Kasu hauetan, krisiak sortarazten dituen substantzia ezagutzen dugunean, larruazalpetik injekzio-sail bat ematen zaio gaixoari (honi desentsibilizazioa esaten zaio), lehentxeago edo geroxeago behin-betiko sendatzea lortuz.

Dena den, gaixoari substantzia horrekin dituen harremanak edo ukipenak aurrerantzean ere alde batera utz ditzala esan behar zaio.

Beste batzuetan ez da erabat sendatzen, baina krisien arteko denboraldiak, sintomarik gabekoak, luzatu egiten dira. Askotan, atakeen maiztasuna txikiagotu egiten da adinaren arabera (umearen garapenarekin batera), eta bestalde, gaur egungo botikek nabarmen hobetu dute pertsona asmatikoen bizi-kalitatea.

Asma sufritzen dutenak joera handia eduki ohi dute neguan “hozteko” ere. Komeni al da asmatikoak marrantaren aurka txertatzea?

Gaur egun, medikuek normalean txertoak hartzea gomendatu ohi diete asmatikoei. Paziente hauetan gripe batek, edo baita katarro edo marranta soil batek ere (pertsona normalengan molestia gutxi sortu ohi dituzten prozesuek) asma-krisi larriak sortarazi ditzakete. Duela urte batzuk gripearen kontrako txertoak duda-mudazkoak baziren ere, gaur egungoak probetxu handikoak dira asma prebenitzeko.

Zergatik gertatzen da asmatiko askok atakeak urtaro jakin batzuetan edukitzea, eta gainerako urte-sasoietan inolako arazorik ez edukitzea?

Gure ingurugiroan asko dira pertsona alergikoek arnasten dituztenean asma-atakeak sortaraz ditzaketen gaiak. Izan ere, urte-sasoi jakin batzuetan atmosferan substantzia horren kontzentrazioa handiagoa izan ohi da. Arrazoi horregatik, landareen lorautsarekiko alergiko diren pertsonak udaberrian edo udan bakarrik edukitzen dituzte krisi asmatikoak. Alderantziz, asma dakarren faktorea etxeko hautsa baldin bada, atakeak etengabe gertatuko dira urte osoan zehar, edota egoera jakin batzuetan (denbora luzez itxita egon den etxe bat oporraldietarako egokitzen denean adib.) areagotuko dira.

Nere familian asma dutenak asko dira. Kasualitate hutsa ote da, edota ba al du asmak osagai hereditarioren bat?

Joera berezia duten pertsonengan agertu ohi da asma. Arnasten dugun airean badaude jende gehientsuenari inolako kalterik egiten ez dioten arren, gaixo asmatiko bati krisi larria sorteraz diezaioketen gaiak. Zalantzarik gabe, joera hori gurasoengandik seme-alabengana transmititzen da, begien edo ilearen kolorea bezalaxe, baina asmak jota dagoen pertsonaren semeak edo alabak ez du derrigorrez gaitza izango.

Aspalditik asma duen pertsonak egin al dezake ezer atakeak ebitatzeko edo gutxienez atakeak hain gogorrak izan ez daitezen?

Asmatikoak, krisia datorkiola nabaritzen duenean, ahalik eta lasaien egoten saiatu behar du. “Arnasa hobeto hartzeko” leihorik irekitzea ez da komeni, aireak, hotza baldin bada bereziki, atakea okerragotu egiten du eta. Giro epelean arnastu, sudurretik airea hartuz, ahalik eta mantsoen, inoiz ez ahotik. Airea, suabe eta luze bota, sua piztu nahiko balitz bezala. Atakea desagertzen ez bada, lehendik medikuak errezetatutako botikak hartu, baina kontuan eduki krisi gogorretan medikua beti dela beharrezkoa.


Ume asmatikoak sasoi handikoak izan ohi dira askotan. Bere lagunek adina kirol egin al dezakete ume horiek?

Bai horixe! Umeei eta adoleszenteei asmatikoak direla eta, ez zaie kirola debekatu behar. Egia da esfortzu fisikoak asma-krisia eragin dezakeela, baina frogatuta dago umea, kirola egin aurretik, inhaladorea erabiltzen ohitzen bada, ariketa egin bitartean ez duela inolako arazorik edukiko.

Dena den, kontuan eduki behar da kirol batzuk asma-atakeak beste batzuk baino gehiagotan sortarazten dituztela. Ildo honetan igeriketa oso gomendagarria da.

Erretzaile porrokatuak sarritan ohi du eztula, nahiz arnasteko zailtasuna, eta soinu edo hots arraroak egin ohi ditu. Asma al da hori?

Seguruenik, kasu horietan asma baino gehiago tabakoak eragindako bronkioetako gaitz kronikoren bat izango da. Pertsona hori hozten bada, aireak pasatzean bronkio inflamatuak eta pilatutako mukia aurkitzen ditu traba moduan. Prozesu honi bronkitis asmatiforme esaten zaio, arnastean pazienteak egiten dituen hotsak asmatikoak egindakoen antzekoak direlako, baina bi prozesuak ez dira gauza bera.

Hiri handietako poluzioak eta zigarroen keak asma-atakeetarako joerari laguntzen al diote?

Bai, poluzio atmosferikoak eta bai zigarro-keak, bronkioetako mukosa irritatzen duten substantziak dauzkate, eta aurretik joera dutenengan asma-atakeak sortaraz ditzakete. Sarri askotan, gaixoaren sentikortasuna hain da handia, ezen lanez edota bizilekuz aldatzera behartua egon baitaiteke.

Kortisonak mesede handia egiten die asmatikoei, baina medikuak beti ari dira kontuz erabiltzeko esaten. Zergatik?

Kortisonak asmaren molestiak arindu egiten ditu, egia da. Baina luzarora okerrerako izan daiteke, eta beste botika batzuk errezetatzeko aukerak murriztu ditzake. Bestalde, kortisona-dosi altuek pisu-gehikuntza handia dakarkete (“ilargi betea” bezalako aurpegia). Beste batzuetan aknea agertzen da, ile gehiago agertzen da gorputz osoan eta tentsioa igo egiten da. Epe luzera, konplikaziorik larriena hezurren deskaltzifikazioa da, eta honen ondorioz hausturak (bapatean, berezkoak edota oso kolpe txikiengatik). Urdaileko minak eta ultzerak ere sarritan ikusten dira.

Beraz, kortisona botika ona da, asma-atake graberen batean erabili beharrekoa, baina luzarora ez litzateke etengabe erabili behar aipatu ditugun arazoengatik.

Bizitan zehar, zer konplikazio sor ditzake asmak?

Ume asmatikoengan, usu dira kaxa torazikoaren (bular-kaiolaren) deformazioak. Helduengan, hauen hezurrak ez baitira umeenak bezain elastikoak, kaiola guztia zabaldu egiten da, “upela gisako toraxa” sortuz. Zenbait kasutan saihetsezurrak hautsi daitezke, asmatikoek mukiak kanporatzeko egin behar dituzten eztulaldi gogorren ondorioz. Asmak hazkundea atzeratzea ekar lezake umetan, eta baita arnas infekzioak harrapatzeko erraztasun handiagoa ere. Azkenik, urte luzetako asma batek konplikazio grabeagoak ekar ditzake; birikako enfisema edo bihotzeko trastornoak, esate baterako.

Zein helburu dute arnas ariketek pertsona asmatikoengan?

Arnas ariketa horiek toraxeko muskuluak erlaxatu eta sendotzeko oso egokiak dira. Airea erabat kanporatzea (diafragma eta sabeleko muskuluak ahalik eta gehien desplazatuz) oso eraginkorra izan ohi da asmaren tratamenduan. Batzuetan, gisa honetako gimnasia nahikoa izan daiteke, asma-atakea oso fuertea ez bada. Pazienteak ahalik eta gehien aprobetxatzen ditu bere arnas edukiera eta ahalmenak, eta bestalde, asmak luzarora ekarri ohi dituen toraxeko deformazioak ere ebitatzen dira. Ume txikiengan, deformitateak zuzentzeko ere balio dezake arnas gimnasiak.

Zer da desentsibilizazioaren kontu hori?

Alergia sortarazten duen substantzia bera injektatzen da larruazalpetik, pixkanaka-pixkanaka, dosiak handiagotuz. Prozesu honen bidez, pazientea nolabait “ohitu” egiten da kanpoko substantzia horretara eta tratamendua amaitzean, ez da jadanik alergiarik (eta beraz, ezta asmarik ere) eragiten.


Informazioa: http://www.zientzia.net

miércoles, 5 de enero de 2011

ASMA


Arnas zailtasun edo eragozpen larriak dituen gaixotasuna (arnasestua deitzen dena) da, sintomarik gabeko aldiak txandaka dituelarik. Atakeak bapatean agertzen dira eta berez, inolako tratamendurik gabe edota tratamenduarekin lasaitzen (eta desagertzen) dira.


Ia kasuen erdietan, lehenbiziko sintomak 10 urte bete aurretik agertzen dira. Haurtzaroan asma usuagoa da mutikoetan, baina oro har intzidentzia zertxobait altuagoa da emakumezkoen artean.

Ez dira ezagutzen zehazki asma-atakeak eragiten dituzten arrazoi guztiak, baina itxuraz aurrez joera duten pertsonengan agertuko lirateke atake horiek eta, kasurik gehienetan, erreakzio alergikoen ondorioz. Atake hauetan arnasbideak estutu eta itxi egiten dira, arrazoi ezberdinak direla medio airebide horiek irritatu egiten direlako.

Krisi asmatikoa gauez agertu ohi da, bapatean hasten da, arnasketa azkarra eta itobehar-sentsazioarekin. Pazientea urduri dago, izerditan, aurpegia kongestionatu egiten zaio eta arnasa hartzeko ahaleginean hatsanka hasten da, oso txistu-hots tipikoak sortuz (txistukariak). Askotan eztul lehorra ere agertzen da.

Atake akutua agertzen denean, gaixoa lasaitu beharra dago eta ahalik eta lasterren urgentziako medikuari abisatu. Honek berehala jarriko du tratamendua, bronkioak berehalako batean zabalduko dituzten bronkio-dilatadoreak erabiliz.

Krisi gehiago ager ez dadin (prebentzio gisa), komeni izaten da asmaren arrazoia diagnostikatzea, eta horren arabera medikaziorik egokiena zein den erabakitzea. Asma alergikoa baldin bada, substantzia erantzulea zein den bilatu behar da, ahal den neurrian hura ebitatzeko, eta bere eraginak murrizteko ere bai (botiken bidez edo desentsibilizazio-tratamendu baten bitartez). Arnas ariketak ere oso baliagarriak izan ohi dira.

Arnas ariketak, asma bronkiala duten pertsonentzat


Egunero, jaikitakoan eta oheratzerakoan, hamar minutuz:
-Airea sudurretik hartu, sabela zabaltzen den bitartean (tripara airea sartuko balitz bezala)
-Airea ahotik bota, sabela ahalik eta gehien uzkurtuz.
Ariketa hori lehenbizi etzanda, gero eserita eta azkenik zutik egin behar da, beti ere ongi aireztatutako gelan (leihoa irekiz).

Logelako hautsa sor ez dadin hartu beharreko neurriak:


-Hautsa har dezaketen mueble eta jostailu gehiegizkoak fuera.
-Hautsa kentzeko oihal heze bat erabili, astean bitan gutxienez, haurra ez dagoenean.
-Umea aurrean dagoela ez egin oherik.
-Egun osoan gela ongi aireztatuta eduki.
-Lumazko koltxoirik eta burukorik ez erabili. Hoberena gomazko koltxoiak eta maindire sintetikoak (nylonezkoak, adibidez) erabiltzea da.

domingo, 2 de enero de 2011

ANAFILAXIARI BURUZKO BIDEOA




Bideo honetan anafilaxia kasu bat ikusi dezakezue. Kasu honetan, pazientea udako kanpamentu baten dagoen ume bat da. Arnasteko zailtasun ikaragarriak ditu, eta bideoan azaltzen den bezala, bihotz-maiztasun oso baxua du (40 taupada minutuko). Hilzeko zorian dago.

Pazienteak asma du, baina medikuak aitortzen duen bezala, erreakzio bortitz hau ez du asmak eragin. Alergia dioen zerbaiten irensketak eragin du shock-a. Gainera, asma izanik, erreakzioa oraindik larriagoa bihurtzen da.

Bideoan azaltzen den gisara, anafilaxia bizitza jokoan jartzen duen shock larria da.
Zenbait kasutan, zoritxarrez, heriotza du ondoriotzat. Bideoan, zenbait familien kasuak azaltzen dira.

Amaieran azaltzen dan bezala, batez ere, gazteengan ematen dira. Eta zoritxarrez, azken urteotan alergia mota honen inzidentzia asko handitu da.

jueves, 30 de diciembre de 2010

ANAFILAXIA

Anafilaxia erreazkio alergiko bortitzena da. Oso arriskutsua da, eta heriotza izan dezake ondoriotzat shock-a gainditzeko neurririk hartzen ez bada.

Erreakzio larri honetan, gorputzeko toki ezberdinetako ehunetan histamina eta beste sustantzia batzuk jariatzen dira. Honek arnas-bideetan konstrikzioa eragiten du.

Anafilaxia arrazoi ezberdinengatik eman daiteke:

-Medikamentuak hartzearren
-Elikagai espezifikoen irensketarekin
-Intsektuen ziztada eta hozkarekin


Sintomak:

-Kolikoa edo min abdominala
-Arnasterakoan zarata arraroak
-Antsietatea
-Nahasmendua
-Eztula
-Beherakoa
-Arnasteko zailtasunak
-Irensteko zailtasunak
-Urtikaria eta pruritoa
-Okada
-Palpitazioak
-Larruazala gorritzea
...

Erakusten dituen ezaugarriak:

•Arritmiak
•Birika-edemak

•Urtikaria
•Presio arterial baxua

•Pultsu azkarra
•Azala kolore urdinekoa oxigeno faltagatik, edo zurbila
•Angioedema saman zeinak arnas bideak oztopa ditzakeen
•Hantura aurpegian eta begietan

•Ahultasuna

domingo, 26 de diciembre de 2010

ALERGIAK UMEENGAN

Egun, umeen %15ak alergiaren bat pairatzen du. Baina zein dira umeetan agertzen diren alergiarik ohikoenak?

Arnas aparatukoak:

3 urte bitartean akaroak eta onddoak. 3 urtetik gora lorautsa eta polena.

Sintomarik usuenak sudurrekoak dira; zati hau baitago kanpoaldearekin harremanetan eta bera baita lehenbizi irritatzen dena. Kanpoko “etsaiaren” aurrean sudurra itxi egiten da eta bere eginkizuna (airea iragazi, berotu eta hezetzea, alegia) ez du betetzen. Sintomak hauek dira: usinak edo doministikuak, jarioa, zurrupadak eta azkure handia.

Sudurra blokeatuta dagoenez, umeak ahotik hartzen du arnasa eta airea ez da behar bezala (garbitua, beroa eta lehorra) iristen arnasbideetara. Orduan beste erreakzio batzuk jartzen dira martxan: eztula trakea edo zintzurrestean; txistu-hotsak bronkioetan; eta arnasestua (asma) albeoloetan, arnas alergiaren sintomarik okerrena.

Begiak ere irritatzen dira alergenoen aurrean: begi gorrituak, malko-jarioa, betazal handituak eta azkurea.

Eta alergia digestiborik edukitzen al dute umeek?

Esnea, arrautza, arraina, fruitu lehorrak, zerealak eta lekadunak dira liseri-aparatuko alergiak sor ditzaketen janariak (lehentasun-ordena horretantxe). Janari horietako asko haziak dira, eta entzima-kopuru handia dute (oso substantzia alergenizatzaileak). Sintomak, mihiko eta ezpainetako edema, beherakoa, gorakoak eta ondoeza izan ohi dira.

Eta larruazaleko alergien sintomak zeintzuk dira?

Urtikariak. Umeen % 18k izan ohi ditu haurtzaroko uneren batean edo bestean: mantxak larruazalean, erliebedunak, bapatean agertzen direnak (azkure handia sortuz) eta normalean 24 ordu baino gehiago irauten ez dutenak. Gisa honetako erreakzioaren arrazoiak infekzioak (arnas aparatukoak, pixekoak edo liseri-aparatukoak) eta landare eta animaliak (zakur edo katuak) ukitzea izan daitezke. Zenbait kasutan substantzia irritatzaileren batek sortuak izaten dira, eta gutxiagotan antibiotikoen kontua. Janariek, jendeak bestela uste badu ere, oso gutxitan sortzen dute urtikaria.

Dermatitis atopikoak daude bestetik; ekzema moduko batzuk gorputzeko tolesturetan (beso/besondo loturan, belaunatzeetan, eta lepoan ere bai batzuetan). Kasu honetan janariak (arrautzak eta fruitu lehorrak batipat) dira sortzaile nagusiak, eta atzetik datoz botikak (sulfamidak, penizilina, analgesikoak).

Eta polen edo lorautsaren alergiari buruz, zer?


Normalean bizpahiru urte behar ditu umeak sentsibilizatzeko eta umerik gehienetan alergia laugarren-seigarren urte bitartean agertzen da.

Umeak katarroaren sintomak dauzkanean, edo konjuntibitisarenak edo asmarenak, eta sukarrik ez badu, eta inguruan beste senide edo gurasorik gaixo ez badago, alergia izan daitekeela pentsa daiteke. Gainera familian beste alergikorik egonez gero (aiton-amonen bat, gurasoak, etab.) gure susmoak baieztatu egingo dira. Eta orduan medikuarengana
eraman beharko da umea, lehenbailehen.

Etxean alergikoren bat daukagunean, gauza asko dago aldatu beharra. Etxe horietan eguraspena edo bentilazioa goizeko lehen orduetan egingo da, haizea oraindik bare dagoela, polena etxe barrura sar ez dadin. Gainerako orduetan leihoak itxita edukitzea komeni da.

Espezialistak lorautsak sortutako alergia dela egiaztatu duenean, hezagailuak (humidifikadoreak) jartzea komeni da, baina orduan bakarrik. Alergia akaroena (etxeko hautsarena) edo onddoena balitz, neurri horrek mesede baino kalte gehiago ekarriko luke. Umearen logela leku eguzkitsuan (ahal bada) jartzea gomendatzen da, eta bertan ahalik eta altzari gutxien utziko dira. Eta hautsa gorde edo pila dezaketen alfonbra, pelutxe eta bestelako traste guztiak kanpora aterako dira.

Horrez gain badira umearen higienean hartu beharreko hainbat neurri: umeari sudurzuloak sarri garbituko zaizkio (alergenoaren sarrera-ate nagusia baitira) eta ur asko emango zaio, diuresia areagotuta pixarekin odolean dauden polenaren proteinak ere kanporatzen direlako. Eta hezetasunak, bestalde, bronkioetako zilioen lana erraztu egiten du, eta zilio horien esku dago beheko arnasbideetara iritsi den lorautsa kanpora botatzea.

Begiak ere ongi garbitu (suero salinoarekin) eta argitik behar bezala babestu (eguzkitako betaurrekoekin).

Kalera irteteko orduan, landareak polinizazio-garaian daudenean (eta “arriskua”, beraz, martxoan hasi eta ekaina-uztaila bitartean izaten da, garai okerrena maiatzaren hasieran izanik) umeak saihestu egin behar ditu alergenoak, baina ezinezkoa da umeari neurri zorrotzegiak ezartzea. Haize handia egiten duenean komeni da kontuz ibiltzea; lorauts-kontzentraziorik handienak airean orduantxe pilatzen baitira. Eta egun horietan umeak, ahal izanez gero, ez luke etxetik atera ere egin behar. Eskolara edo haurtzaindegira joan behar izanez gero, hobe kotxean eta leihoak itxita daudela.

miércoles, 17 de noviembre de 2010

ZER DA ALERGIA?

Alergia edo berehalako hipersentiberatasuna normalean ongi jasaten den, eta kaltegarritzat jotzen ez den substantzia batekiko sentsibilitate anormala besterik ez da. Gorputzeko erreakzio anormal hori eragiten duten substantzia horiei alergeno esaten diegu, eta askotarikoak dira. Alergeno horiek irentsi, arnastu edo ukituz gero jartzen da martxan immunitate-sistemaren erreakzio hori.



Informazio-iturria: www.zientzia.net/artikulua.asp?Artik_kod=1665

Ikusi (ingelesez):